“Bioman”, antxoaren urteko kanpaina zientifikoak, AZTI zentro teknologikoak zuzenduta, Bizkaiko Golkoan antxoaren (Engraulis encrasicolus) egoera ona dela berresten du.
AZTIk eta Eusko Jaurlaritzak kanpainaren behin-behineko emaitzak aurkeztu dituzte, zeinak 2022 honetarako 230.000 tona inguruko antxoa helduen biomasa kalkulatzen baitu. Espeziearen iraunkortasuna bermatzen duen gutxieneko balioa 21.000 tonakoa da, balio estimatua den biomasa baino askoz txikiagoa.
Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, Bittor Orozek, AZTIko zuzendari nagusiak, Rogelio Pozok, eta sektoreko hainbat ordezkarik antxoaren kanpainaren datuak aurkeztu dituzte ostegun honetan, Donostian. 2022ko kostaldeko arrantzan 6.528 tonako harrapaketak erregistratu ditu euskal ontziek, batez beste 1,58 €/kg-ko merkatuko prezioarekin.
Rogelio Pozo AZTIko zuzendari nagusiak azken urteotan kanpaina hauen emaitzek izan duten joera positiboa nabarmendu du, eta baikor agertu da datorren urteko kostaldeko denboraldirako.
Kanpaina maiatzean egin zen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Arrantza Idazkaritza Nagusiko Emma Bardán eta Vizconde de Eza ikerketa ontzietan, ondoren AZTI laborategietan laginak aztertuz. Urte amaieran, antxoaren biomasaren behin betiko estimazioa lortuko da, Bioman 2022tik ez ezik, Pelgas 2022, Juvena 2022 kanpainetatik eta kostaldeko harrapaketetatik jasotako datuen analisi bateratuan oinarrituta.
Iruzkin berriak